|

Asko zor diot nik Donostia ospitaleari, bertako mediku, erizain, langile eta arduradunen zordun naiz, osasuna berreskuratu eta berrosatzen lagundu didatelako. Nola lagundu, gainera! Zordun naiz, halaber, Larrialdi Zerbitzuekiko ere: nire eskerrona eta aitormena ongi irabazi eta mereziak dituzte zerbitzu horietako profesionalek.
Oker ez banago, hiru aldiz joan behar izan dut azken bi urte t`erdian Donostia Ospitaleko Larrialdi Zerbitzuetara: bitan nik neuk behar izanda, eta hirugarrenean adiskide bati laguntzera joana naiz. Oso pozik nago web honetan nire testigantza adierazteko aukera eman zaidalako. Izan ere, honela, nire aitormena publikoki adieraziz alegia, nire zorra pixka bat arintzeko –guztiz ez dut sekula kitatuko- modua aurkitu baitut. Bistan da ez naizela Osakidetzarentzako kotizatzaile “merke eta errentagarria”! Izan nadin esker oneko bederen.
Aipatu ditudan hiru kasuetan –Larrialdi Zerbitzuetan izan naizen hiru bisitaldietan, alegia- arreta bikaina jaso eta funtzionamendu aparta sumatu ditut. Zerbitzuaren izenaren ohoretan-edo, berealdiko lastertasunez arduratu ziren gutaz, nitaz bezala nire adiskideaz; berealdiko lastertasunez bezala, berealdiko profesionaltasun eta antolamendu bikainez artatu gintuzten, oso minutu gutxitan hainbat proba eginez (analitika, plaka, elektro…); eta gaixorik dagoenak -eta horrexegatik bere burua “larri” sentitzen duenak- ezinbestez behar duen gozotasunez, irribarrea ahotan zutela, lasaitasunaren “botika” transmitituz, jardun zuten gurekin. Larrialdietako Zerbitzuko profesionalen ezagutza eta jarrera, batetik, eta Zerbitzu horien antolamendua, bestetik: horiena da ospitalera “estu eta larri” iritsi, baina handik ordubetera lasaitasuna berreskuraturik ospitaletik berriro kaleko bizitza normalera itzultzearen meritua.
Badira edukitzean ezagutzen eta baloratzen ez diren gauzak, eta falta ditugunean bakarrik “ezagutzen” eta aintzakotzat hartzen ditugunak: horietan nabarmenena osasuna dela esango nuke, ezbairik gabe. Esango nuke, halaber, osasunik eza edo osasun-murrizketa dela gizakiok kolpean berdinkideago bihurtzen gaituena, eta hainbat eta hainbat gauza –ordura arte hil ala bizikoak izan direnak- bat batean erlatibizatzera eramaten gaituena, apalago eta ahulago egiten gaituena. Ahulezia horretan zein beharrezkoa den esperantza iturri ia bakarrak diren profesionalen gizatasuna. Esan behar dut, mediku-ezagutzan ez ezik aipaturiko gizatasun horretan maisu direla Larrialdi Zerbitzuetako profesionalak.
Esanda gera bitez, bada, esker on eta aitormenezko hitzok. Pablo Buscari eta bere ardurapeko profesional guztiei esateko geratzen zaidan bakarra da, segi fin!, hori bai, beti ere aurrerantz eta zerbitzua etengabe hobetzeko jarrerarekin.
Patxi Baztarrika
Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordea
|